XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); eta, kolonikuntzaren bidegabekeria guztizkoa agirian utzirik, besterik gabe, funtsezko ahulezia salatu nuela, eta bide beretik sistimaren azkena iragarri.

Hortaz, merezimendu bakar bat aitortzen diot neure buruari: neure kezkaz eta larritasunaz gain, giza-kondairaren aurpegi jasangaitz bat, etengabe denontzako aldakuntza mingarrien sortzaile (eta onartu ezina, beraz) azaltzen saiatu izana.

Liburu hau eskandalo bide gisa, eta soinekoak urratuz, irakurri beharrean, hau nahiago nuke: ondorio horiek zergatik nagusitu ote zaizkidan, eta egoera antzekotan dagoen beste anitz gizoni ziplo zergatik nagusitu ote zaizkion, astiro hausnartzea.

Ez ote da kakoa, hain zuzen, mamitzen eta borobiltzen saiatu naizen bi Itxuraketa hauek, jatorrizko ereduen kide hertsiak direla?.

Zeren-eta kondairazko eredu horietzaz nik eskaini diedan ispiluaz baliatu gabe ere, bai-baitzuten gizon horiek, ene beharrik batere gabe, beren bizimodu hitsari ihes egitekotan, jokabiderik ekarkorrenak beren burua atxemateko aukera; eta aisa eginen gainera.

Nahasi egin ohi dira artista eta artistaren eredua edo ikergaia.

Gauza ezaguna da hau; eta joera horretantxe ikusi uste dut nik gure arkaismoaren, gure pentsakera magiko etsituaren, iraupen-seinale bat.

Idazleen esanez sutu beharrean, desordenua erein nahi omen dugula-ta guri eraso beharrean (dagoena eta datorrena azaldu eta iragarri baizik ez baitute idazleek egiten), hobe litzateke esandako hori arreta handiagoaz aditzea, eta aldez aurretik oharrak eta iragarpenak zinezago hartzea.

Zeren-eta, horrenbeste deskalabro ekarri duten alferrikako koloni-guduen ondoren, Fraintzia munduko deskolonikuntzaren txapelduna bihurtu den garaian ez ote dut nik eskubiderik liburu hau bai Kolonizatzaileari bai Kolonizatuari garai batez probetxugarri gerta zekiekeela pentsatzeko?.

Parise, 1966ko Otsaila.

Albert MEMMI.